viernes, 31 de enero de 2014

Inspirazioak


Pasadan asteazkeneko klasean amankomunean jarritako ondorioen ostean gure proiektuaren proposamena aldatuko dugunak asko izango garelakoan nago. Baliogarriak iruditu zitzaizkidan ikaskideen iritzi eta usteak. Normalean ohituta gauden zuzenketa pertsonalizatu eta (sarritan irakasleentzako) errepikakorretatik aldenduz, gure kabuzko erreflexio eta hausnarketarako parada eman zigun.
Interesgarria iruditu zitzaidan ideogramak asmatzearen ariketa. Hainbat gauzen artean, irakasleen azalean jartzea baimendu baitzigun. Holan somatu ahal izan genuen arkitektu hasi-berri baten ideograma sasi-esanguratsu bat interpretatzea zein zaila den batzuetan.
Beste ariketa bat hirunakako taldetan banatuta eginiko lehiatxo bat izan zen. Taldeko partaideen artean lana bananduta, leku desberdinetan dauden informazio-iturrietara jo behar izan genuen (liburutegia, interneta, galdezka..) paartaide bakoitzak diseinaturiko proposamenentzako influentzia edo erreferentzia arkitektonikoak lortzeko. Horretarako, guztiz beharrezkoa egin zitzaigun gainontzeko ikaskideen proiektuen ideia eta esentzia ezagutzea aldez aurretik.
Nire kasuan, hasieratik pentsatuta neukan eskultore bermeotar baten eskultura batean inspiratzea nire lana. Nestor Basterretxea artistaren Olatua, hain zuzen, bere jaioterriko portuan dago kokatuta.


Itsasertzean kokaturiko obra eskultoriko egoki eta poetikoa iruditu izan zait beti, hurbilekoa gertatzen baitzait honako kasu hau. Horrez gain, bere kokalekua, gurearen antzera, natura eta herriaren mugan dago, egunero bezala, kaiaren kontra talka egiten duten beste horren beste olaturena bezala.
Pertsonalki erakutsi izan dut aurreko publikazioetan ere itsasoa eta olatuenganako dudan mirespena. Ondorioz, monumentu honen paretik pasatzean sentitzen dudan babes sentsazioa ransmititu nahi izan dut nire proposamenean ere.


Baina ez dira erreferentzia guztiak hortan geratu. Nire taldekideen lanarekin batera, beste itsasertzeko pasealeku eta kostako eredu aztertu ondoren, nire proiektuko estalkiak duen kurbaturaren antzekoa aurkitu genuen Benidorm-eko Levante hondartzaren mugan dagoen Ferraterren paseo maritimoan.
Nire ustetan, kasu honek ere olatuen heltzea errepresentatu nahi du, baina horizontalki, era mantsoago batean. Gainera guztiz deigarria egiten da bertatik paseatzea osatzen duten kolore biziengatik.
Esan bezala, lanean jarraitu beharko dugu, orduan pasaz gure proposamenen aurrean ahalik eta landuen eta zehaztuen egon dadin gure ideia. Bilatu eta mugatzea hain zaila egiten zaigun ideia hori bera.

martes, 28 de enero de 2014

Olatuak

Gaurkoa bezalako egun batean guztiz ezinezkoa egin zait etxean geratzea eta gure proiektuaren proposamena atzakiatzat hartuz, Ondarreta aldera egin dut.
Nire lanerako kokapen egoki eta zehatzena topatu nahian, hainbat ideia bururatu zaizkidan arren, esan dezaket olatuak izan direla nire inspirazio nagusiena "ikerketa2 edo "ideiatze" prosezu honetan zehar.










Askok diote naturaren fenomeno arriskutsuak direla, niri ordea, babes sentipena ematen didate, txikitatik hauenganako izan dudan mirespen eta maitasun berezi horrengatik. Kresalaren usainetik aldendu ezin izatea kostan jaio izanak dakarrela uste dut, berez genetikan grabatzen den zerbait balitz bezala; hain da handia eta ederra olatuen indar eta hedadura...


Goza ezazue bada, ahal izan dudan neurrian lortu ditudan argazkiekin.
P.D: sentitzen dut irudi-kalitate eskasa...